Bihar, ekainak 22, Gorbeiara igo zen mendi-txango jendetsu baten 100. Urteurrena beteko da. Hain zuzen ere, duela 100 urte, bihar bezalako egun batean Araba, Bizkaia eta Gizpuzkoa herri ezberdinetatik etorritako bi mila lagun inguru bildu ziren Gorbeian. Garaiko egunkarien arabera, batzuk Bilbotik Lemoara zihoan trena goizeko 5etan hartu behar zuten, tranbia bereziak erabiliz Areatzara heldu eta hortik oinez abiatu. Ziurrenez gaur eguneko PR-BI 9 ibilbide antzeko bat erabiliko zuten… Beste batzuk hainbat modu ezberdinetan heltzen ziren, auto-kamioietan, motorretan edota beste herri ezberdinetatik abiatzen ziren.
Arrabako larretan gizonezkoen eta txakurren lasterketak antolatu ziren, hitzaldiak, bakoitzak ekarritako jakiekin bazkari bat. Txistuak, akordeoiak eta panderoak ere eraman zituzten, baina garaiko egunkarien arabera, berriro “no toda la música fue vasca, desgraciadamente”.
Bihar bertara hurbiltzeko asmoa baduzue, gogoratu duela 100 urte paraje horietatik ibili ziren mendizaleak. Haiei esker, besteak beste, gaur egun hainbat eta hainbat bizkaitar mendizaletasuna gogoko dugu.